Torre Urizarreko biztanleriaren haserrea 1937an
2019ko abenduko Bilbao hilabetekariak Irala, eta zehazki, Torre Urizarreko biztanleriari buruzko artikulu interesgarri bat zekarren. ‘Gomutan. Bilboko historiaren atal ezezagunak’ liburuaren pasarte bat zekarren. Hektor Ortegak idatzitako liburu honek, bere azpitituluak dioen bezala, historian zehar Bilbon gertaturiko gertaera ez horren ezezagunak jasotzen ditu. Oraingo historia guda zibila bezala ezaguna denaren baitan gertatu zen, 1937ko urtarrilaren 4ko arratsaldean hain zuzen.
Egun horretako arratsaldearen hasieran, eta aurrekoetan bezala, alemaniar hegazkinek, F. Franco eta altxatutakoen alde zihardutenek, Bilboaldea bonbardatu zuten. Gogoratu behar dugu Gernikako bonbardaketa ezaguna 1937ko apirilaren bukaeran izan zela, hau da, Gernika baino lehen Bilboaldea bonbardatzen ibili ziren, behin baino gehiagotan, esaten dutenez. Urtarrilaren 4ko bonbardaketan gutxienez zazpi pertsona hil eta eraikin asko eraitsi zituzten. Baina indar errepublikazaleek erantzun eta alemaniar hegazkin bat eraitsi zuten, eta pilotuetako batek paraxutaz egin zuen salto eta Torre Urizar inguruan lehorreratu zen.
Bonbardaketa, hildakoak eta eraikinen eraisteagatik Torre Urizar inguruko jendea oso haserre eta amorruz beterik zegoen, eta alemaniar pilotua harrapatu zutenean hura jipoitu eta hil egin zuten. Bonbardaketarekiko haserrearen beroaldian, pilotuaren hilotza garaikur bezala hartu eta multzoan jaitsi ziren Eusko Jaurlaritzako
Barne Sailaren egoitzara joan ziren. Telesforo Monzon zen orduan Barne sailburu. Jendea lasaitzen saiatu omen zen, baina lortu ez, eta jendea Begoña inguruan zeuden espetxeengana abiatu zen.
Larrinaga izan daiteke Begoña inguruan zeuden espetxeetatik ezagunena, baina ez zen bakarra, guda garaian beste eraikin batzuk erabili ziren espetxe gisa (Galera etxea, Ángeles Custodios eta Karmelo komentuak). Garai horretan Bilbon Eusko Jaurlaritza agintzen zuen, eta espetxean altxamendu militarra babesten edo espainiar eskuinari lotutako pertsonak ziren preso.
Jendetza, ezker taldeetakoak omen ziren, haserre, espetxeetan sartu eta presoak kaleratzen hasi ziren beraiek fusilatzeko asmotan. Guztira 225 preso hil zituzten eta beste asko zauritu. Jendetzaren erasoa gelditzeko asmotan Eusko Jaurlaritzak bidalitako ezkerreko batailoi batek hura gelditu ez, eta lagundu omen zuen presoen fusilatzeetan. Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren hiru kontseilari hurbildu behar izan ziren Begoña ingurura jendetza baretzeko eta hildako gehiago egotea ekiditeko.
Hortaz, moraleja, kontuz ibili Torre Urizarreko jendearekin, ez ezazu haserretu!
Eneko Borja
Eneko Borja