Udalari eskutitza - Bilboko Jai Batzordeen Koordinakundea

Bilbon 2020ko maiatzaren 6an Egun on! Auzotarrok, Bilboko Jai Batzordeen Koordinakundeak, zuengana jotzen du aurtengo jaien etorkizunari buruz agerian dagoen ezjakintasunak gugan sortu duen kezka dela-eta.
Ados gaude: egoera nahasia da eta, horretaz gain, egunero informazioak jasotzen ditugu sail ezberdinetatik -gehienetan iritziak dirudite- eta guztiak kontraesankorrak dira.
Apirilaren hasieran Espazio Publikoaren bulegora jo genuen egoera argitzeko asmoz eta ahozko mezu bat baino ez genuen jaso: kaleko ekitaldiak bertan behera gelditzen zirela ekainaren erdialdera arte. Egia esan, ez dugu erantzun ofizialik jaso Udalaren aldetik, auzoetako jaiak bertan behera gelditzen diren edo ez jakiteko, baina arduraz jokatzea erabaki dugu eta prestaketa lanak bertan behera utzi ditugu, luzeak eta zailak baitira.
Ez dakigu, oraindik ere, noiz arte iraungo duen impasseak, baina hedabideetan ikusi ostean ezagutu dugu Eusko Jaurlaritzak eta udal agintariek bilera egingo dutela maiatzaren 8an horren inguruan hitz egiteko. Desatsegina da oso bilera hori egin aurretik Udalak gurekin ezer be ez tratatzea. Tratu hau merezi al dugu urtez urte, eta oraingoan ere, hiritargoarekiko erakusten dugun etengabeko engaiamendu eskuzabalaren ostean? Egoera honek dozenaka boluntarioengan, kultura-elkarteengan eta, azken finean, auzoteriarengan du eragin.
Arestian aipaturiko guztia kontuan hartuta, gure iritzia aintzat hartzea eskatzen dugu, eta baita gure irizpide teknikoa eta gure esperientzia ere, guztion artean egoera berriei soluzio berriak eskaintzeko.
Bestalde, ezaguna da jaien sostengurik handiena auzoetako dendak eta tabernak direla eta, aurtengoan, ez diegu laguntzarik eskatuko. Are gehiago esango genuke, aurten guk lagundu behar diegu. Nola? Gure kaleak pizteko ahaleginak eta bi egiten, baina kaleko ekitaldiak antolatzea zaila da oso Udalak ematen duen urteko subentzioa 1.800€ inguruan badago. Dirukopuru hori hutsala da eta bada garaia Udalak lagun dezala, finantzazio publikoa gehituz.
Azken helburua kultura baita, kultura guztiontzat.
Gainera, kontuan hartuta BBK Live, Eurokopa, Gau Zuria edota Aste Nagusia bezalako ekitaldi handiak ez direla ospatuko, edo kostuak jaitsiko direla, behinik-behin, zergatik ez erabili aurreztutako diruaren zati bat ekitaldi txiki asko egiteko? Ahalegin horretarako, lanhorretarako, hona hemen jai batzordeak. Asko gara, jai batzorde askoren eskarmentua aprobetxa dezagun kultura-ekimen deszentralizatuak egiteko, ezberdinak eta adin guztientzako, kulturarekiko engaiaturik.
Udalean, sailetan, teknikarien artean… soberan ezagutzen duzue gure elkarrizketarako ahalmena zein den. Bizilagunek, tabernek, bertoko dendek ere ezagutzen gaituzte. Elkarren arteko laguntza eta auzolana proposatzen dugu, besterik ez.
Erantzun positibo baten zain, besarkada eta laster arte.

AUZOTARROK